From Argazki Ikastaroa 2012 |
Jarraibideak-edukiak: motibazioak berrikusi, esperientzia elkarbanatu, oinarri teoriko eta teknikoak errepasatu, begiratzeko modu bat landu.
Egunak: Irailak 22 eta 23 ( larunbata eta igandea)
Non:
Kultur Etxea
Kalebarren plaza, 3 -3.solairua
20870 Elgoibar
Ordutegia:
Irailak 22 (larunbata): goizean 9:30etik 13:30era / arratsaldean 15:00etatik 19:00etara
Irailak 23 (igandea): goizean 9:30etik 13:30era / arratsaldean 15:00etatik 18:00etara
Eguraldiaren baitan, eta tailerrean izen emandakoen artean adostuta, larunbat arratsaldez edo igande goizez irteera bat antolatuko da (garraiobide partikularrak erabiliko dira). Segidan ateratako argazkien azterketa bateratua egingo da. Jatorduak esperientziak eta motibazioak elkarbanatzeko aprobetxatuko dira.
Helburuak
Hainbat gauza lortu nahi ditugu: begiratzeko modua lantzea, argazkiak ateratzeko era pertsonala nola lortu, mendian argazkiak egitearen gakoak ikasi, eta batez ere irudi finkoetan zerk eta zergatik funtzionatzen duen ikusi. Oinarrizko tekniken errepasoa ere egingo dugu noski, eta egungo praktika modernoen eta erakargarrienen berri ere emango dugu.
Esperientziak elkarbanatuz mendia eta argazkigintzari buruz gehiago ikasiko dugu.
Tailerraren eskema
Partaideen aurkezpena eta aspirazioak.
Mendiko argazkilariak behar dituen oinarri teorikoen eta lanabesen aurkezpena mendiko eta paisaia argazkiak aztertuz.
Norbere zaletasunen berri eman eta bakoitzak eskura dituen lanabesekin saioak egin. Lanabes gutxirekin irudi onak lortu daitezkeela izango da ikasgaia.
Mendian egiten diren giza jarduerak zerrendaratuko dira eta haietako bakoitzak iruditan eta lantzeko garaian zer eman dezakeen aztertuko da.
Partaideen galderak eta zalantzak argitzeko prest egongo da irakaslea. Natura inguruak eta aisialdi-kirol nahiz bestelako ekintzek eskaintzen dituzten aukerak azpimarratuko ditu.
Partaideek portfolio txikiak edo bildumak eraman ditzakete azterketa saioetan baloratu ahal izateko.
Nori zuzendua
Mendiko irudigintzaren pasioa bizi duten mendizale eta argazkizaleentzat, beren begiratzeko modua aztertu eta erabiltzen dituzten tekniketan aurreratzeko gogoz dauden haientzat.
Partaideei argazkilaritzako oinarrizko ezagutzak edukitzea eskatuko zaie, eta beren esku egongo da argazki kamera eraman edo ez. Argazkiak kameraz kanpo sortzen dira, baina honek erakusteko aukera ematen digu.
Irakasleari buruz:
Santiago Yaniz Aramendia (Bilbo, 1957). 1980an hasi zen argazkilari profesional lanetan, egile argazkigintzatik abiatutako formazio autodidakta luze baten ostean. 1987an EHU-ko Kazetaritza Lizentziatura atera zuen. Argazkilaritza eta kazetaritza aldi berean egin izan ditu, Euskal Herriko eta penintsula iparraldeko gai desberdinak jorratuz, bereziki mendi gaiak. Free lance argazkilari bezala aldizkarietan eta magazinetan argitaratu ohi ditu bere lanak, eta argitalpen eta bilduma editorial askoren ilustrazioetan parte hartu izan du, bereziki euskal etnografia eta geografiaren inguruko lanetan eta mendiko paisaia eta jardueren inguruko lanetan. Lan horiei eta bere ibiltari bokazio nekaezinari esker Euskal Herrian eta Pirinioetan aldenik alde ibili izan da, bertako txoko guztiak zehatz-mehatz ezagutzen ditu eta bere kamerarekin paisaien eta jendeen izaerak deskubritu ditu.
http://santiyaniz.blogspot.com/
Ikasle kopurua: 20 ikasleko talde mugatua
Prezioa:
Bazkideak: 70 €
Besteak: 100 €
Izen-emateak eta informazioa:
· Izena emateko epea: uztailaren 9tik irailaren 18ra bitartean.
· Plazak izen-emate ordenaren arabera gordeko dira
· Izen-ematea kuota ingresatzen den egunean balioztatuko da.
Kutxa 2101 0036 69 0000380550
Euskadiko Kutxa-Caja Laboral: 3035 0007 27 0071104751
Kontzeptua: Argazkilaritza Tailerra IZEN ABIZENAK.
· Izena ematen dutenek konfirmazioa e-mail bidez jasoko dute
· Gutxienez 10 partaide behar dira tailerra egin ahal izateko. Kopuru horretara iritsiko ez balitz antolakuntzak bertan behera uztea erabaki dezake, eta soilik hala gertatuko balitz itzuliko litzateke izen-emate ordaina.