Morkaiko Mendizale Elkartearen sorrera
Gerra osteko garai gogor haietan Elgoibarko mendizaleak Eibarko Klub Deportiboaren inguruan mugitzen ziren. Horietako lagun batzuek Eup taldea sortu zuten 40 hamarkadaren hasieran. Agarre Txiki dendan zeukaten elkartzeko tokia eta hantxe antolatzen zituzten beraien irteerak. Gomazko abarkekin, eguneroko jertsearekin eta prakekin mendira joaten ziren garaiak ziren.
Eup taldeak Euskadiko eta Nafarroako Mendi Federazioan sartu eta legeztatzeko eskaera egin zuen. Baina ezezkoa jaso zuen. Izenak konnotazio irregular eta iraultzaileak omen zituen.
Dena den, lagun talde hark ez zuen etsi eta 1943anMorkaiko Mendizale Elkartea sortu zuen. Urte hartan ekin zion elkarteak bere ibilbideari. Agintariek izen berria onartu zuten, baina ez, ordea, Pio Eturaren lehendakari izendapena, arazo politikoak zirela eta. Beraz, Eduardo Agirre “Errezabal” izendatu zuten lehendakari, nahiz eta praktikan Pio zen lehendakaria.
Hasierako urte haietan elkarteak ehun bat bazkide inguru zituen. Inguruko mendietara antolatzen zituzten irteerak: Durangaldea, Aralar , Aizkorri. Garai ilunak eta nahasiak ziren politikoki. Irteera bakoitzean Gobernadore Zibilari baimena eskatu behar izaten zioten.
Urteberri egunean Morkaikora joateko ohiturari ere orduan ekin zioten.