Gaurkoan, joan zen astean Zuriñe Foronda medikua egon zen bezala, Jon Beaskoetxea izan dugu gurekin Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan. Jon Euskal Mendizale Federazioko Sorospen Taldeko kideetako bat da, eta hitzaldian egon garenok arretaz jarraitu ditugu berak emandako gomendio eta ezagutzak.
Materialaren inguruan adibidez, honako esaldi hau utzi digu: “Ez badugu mendira material egokia eramaten, edo ez daramaguna ez baldin badakigu behar bezala erabiltzen, arriskua handitu egiten da”.
Puntu labur batzuetan, ezagunak diren baina askotan ahazten zaizkigun oinarrizko aholku eta gomendioak gogoraraztea komeni dela esan digu:
- Mendira joan aurretik informazioa batzea (eguraldia, ibilbidea, denbora…)
- Adiskide edo gertuko bati gure planen berri eman
- Plana antolatu (estrategia-teknika)
- Beharrezko materiala prestatu (daramaguna erabiltzen jakin)
- Gure forma fisikoaren araberako esfortzu fisikoa egin (taldean ahulena izango da ibilbidea baldintzatuko duena, hortaz, bere neurriko ibilbidea prestatu).
Morkaiko Mendizale Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiogu Joni (bai eta Zuriñeri ere), zein Euskal Mendizale Federazioari. Elkartetik ahaleginduko gara interesgarriak egin daitezkeen formakuntza eta aholkularitza saioak prestatzen.