943 740 297 morkaiko@morkaiko.eus

Astebukaera honetan, iaz egin bezala, Morkaikotik antolatu dugun Mendi Eski Irteeran izan gara 18 lagun. Aurten, Vignemaleko mazizoaren inguruetara joateko plana prestatu zuten antolatzaileek, Pirinioetan aurkitzen den ipar horma ederrenetakoa ikusteko asmotan.

Ostiral iluntzean abiatu ginen furgonetetan Pont d’Espagnera (Frantzia), bertan lo egiteko asmotan. Horrela, larunbatean, lehengo argitasunak lagunduta eta foka-larruz jantzitako eskiak soinean abiatu ginen Gaubeko haranean zehar. Lehenengo helburua, Oulettes de Gaubeko aterpetxera iristea izan zen, bertan igaro behar baikenuen gaua. Eguraldi nahiko egonkorra izan genuen, mendi garaiak lainotuta zeuden arren, ez baitzuen elurrik apenas egin. Horrela, aterpetxera iritsi ostean, taldeko zati handi batek gorantz egin genuen, Petit Vignemale gailurra (3.032m) egiteko asmotan. Goialdean laino itxia eta izotza izan genuen arren, taldearen erdiak baino gehiagok tontorrera iristea lortu genuen. Jaitsiera azkar baten ostean, eta elur itxurosoa gozatuz, aterpetxean ginen, indarrak berreskuratu eta gaua igarotzeko.

 

Larunbateko bideoa:

 

Igandean berriz, eta iragarpenek ziotenaren aurka, haize-bolada gogorrak eduki genituen arren, zerua urdin ageri zen, horrela inguruko mendien edertasuna agerian gelditu zelarik. Morkaikotarrok lehenengo eguzki izpiekin abiatu ginen Ouletteseko lepora bidean (2.606m), bertatik Ara ibaiaren sorburura jaisten diren maldetako elur paregabeaz gozatzeko, eta beste behin igoera bati ekiteko, kasu honetan, Arratilleko leporantz (2.528m). Lepo honetatik, 1.000 metroko desnibela jaitsi behar izan genuen eskiatzen, Arratilleko eta ondoren Marcadauko haranetan zehar, berriz ere Pont d’Espagnera itzultzeko.

 

Horrela ba, irteeran egon garenok oso pozik itzuli gara, astebukaera paregabea igaro baitugu lagun artean eta eguraldi atseginarekin. Iñaki Otxoa de Olza zenaren hitzak gogoratuz: “Denok pastel osoa jan dugu, eta taldearen zati handi batek gailurra egitea, pastelaren ginga izan da”.

Morkaiko Mendizale Elkartearen izenean eskerrik beroenak antolaketan ibili den taldetxoari zein irteerara animatu zinetenoi ere. Aipamen berezia argazkilari lanetan aritu ziren horiei ere, nola ez.

Argazkiak ikusteko, hona ondorengo estekak:

Iñigo Lariz:

 

Eñaut Izagirre:

MORKAIKO MENDIZALE ELKARTEA

Errosario kalea 17 · 20870 ELGOIBAR
943 740 297
morkaiko@morkaiko.eus

Jarrai gaitzazu

Gure ekitaldien berri izan nahi dezu?

* daramaten eremuak nahitaezkoak dira